Esker oneko hitzak

Testuak

Arratsalde on, guztioi.

Aurtengo udan, maiz aritu da abesten Nina Simone gure sukaldean. Berak zioen askatasuna beldurrik gabeko lurraldea zela eta ondotxo zekien ez zela herrialde horretan bizi, etxe barruan baitzuen, maite zuela zioen gizonarengan, bere izuaren jatorria.

Indarkeria matxista egunero-egunero bizi dugun tragedia da. Erakundeak, legeak… poliki-poliki doaz aurrera. Hala ere, eta etorkizuneko giltzarria heziketa izan arren, guztiok badugu zer esan eta zer egin arazo larri hori dela eta. Duela hilabete batzuk, Rosa Monterok “Madarikatuak, epelak” artikuluan zioen bezala, gure baitatik atera behar dugu, bereziki, sufritzen dutenengana iritsiko diren zubiak eraikiz.

Istorio honen abiapuntua dei latz bat izan zen, inguruan sare eder bat sortu zuena: Begoñak gidatu zituen gure pausoak; S.Alizek eta S.Maitek eraman gintuzten autoz medikutara, ertzainengana eta epaitegira; eta Xabik eta beti nire alboan dudan Asierrek zaindu zuten emakume hura iluntze batzuetan, etxeraino egin beharreko bide bakartian, bere senarrak ihes egin zuenean.

Nina Simone emakume zauritua zen eta bere inguruan zauriak sortzen zituen. Guztion ardura da geroz eta emakume gehiago bizitzea hark amestutako lurraldean. Haiei eskaini nahi nieke sari hau, bereziki, amildegi horretara erori diren nire ikasle gazteei; haientzat adorezko eta kemenezko bultzada.

Mila esker, bihotzez, Kutxa Kultur Fundazioari, epaimahaiko kideei eta hona gerturatu zareten guztioi.

Irun, 2017-12-01