Biografia

Maixa Zugasti Tolosan jaio zen, 1973an. Deustuko Unibertsitatean Hispaniar Filologia ikasketak egin ondoren, irakaskuntzan aritu da hainbat urtez; gaur egun, idazle-lanean dihardu.

Irun Hiriko Kutxa Literatura saria irabazi zuen 2017an, LAA istorioarekin. Harrezkero, bi eleberri, ipuin bat, eta poema-bilduma bat argitaratu ditu: Ahotsak eta itzalak (Erein, 2018), Atarian (Erein, 2022), Tximeletak hondartzan (Erein, 2019) eta Hostoen hezurdura unatua (Balea Zuria, 2021), hurrenez hurren.

Inazio Mujika idazle eta editorearen iritziz, “idazlearen minak jotako” emakumea da Maixa. Idazleak berak sarritan esan du literatura dela bere bizitzaren ardatz eta arnas, eta, ildo horretan, irakurtzea eta idaztea bihurtu dira haren zeregin nagusi, maiteminaren moduan, alde latz, baina, batez ere, pozgarria duen bizimodu bakartian.

Inaziok Maixaren lanen heldutasuna azpimarratu zuen azken nobelaren aurkezpenean, bai gaiari, bai estiloari dagokienez.

Iñaki Aldekoa kritikari eta editorearen esanetan, berriz, idazle hau “aurkikuntza” bat izan da, eta beraren lanaren “benetakotasuna” aipatu du. Maixaren lanek inguruko errealitatea dute oinarritzat, eta, bereziki, giza sufrimenduaren isla dira.

Autobiografia laburra

Tolosako Usabal auzoan jaio nintzen. Nire gurasoak nekazaritza giroan hazi ziren, eta, geuk ere, hiru ahizpek, aitona-amonen baserriaren itzala eta, batez ere, naturarena ondoan izan ditugunez beti, mundu horren arrastoa esanguratsua da nire idatzietan.
Izaeraz haur isila eta bakartia izanda, irakurtzen ikastean aurkitutako mundu zoragarriak irakurle sutsu bihurtu ninduen, eta hala jarraitu dut gaurdaino. Hasieran, liburuak irentsi egiten nituelako eraman ninduen aitak Tolosako liburutegia ezagutzera; orain, berriz, aspaldidanik, liburu asko berrirakurtzen ditut, film bat behin eta berriz ikusten dudan ilusio beraz. Liburu berriak ere haurtzaroko irrikaz erosi eta hasten ditut, baina, arkatza eskuan dudala, mahaian irakurtzen ditudanean jakiten dut behin eta berriz apaletik hartuko ditudan horietakoak izango diren, bizitza osoan alboan izango ditudan horietakoak.

Lau urtetatik hemezortzi urte bitarte, Laskorain ikastolako irakasleek nire jakin-mina areagotu zuten eta ikasteko nahia bultzatu; nire zaletasunean ere, bidelagun izan nituen, beren liburuak utziz eta ondoren unibertsitatean sakonago ezagutu nituen idazle askoren lanak ezagutaraziz.

Haurtzaroko oroitzapenak nire herrikoak dira, nire eremu txikikoak, nire lurrekoak. Neskatotan, Tolosa autoko leihatilatik ikusten nituen istorioz betetako herria zen. Ondoren, kontzertuak, hitzaldiak, antzerkia, eta, nire kuttunena, zinema-kluba etorri ziren. Orain, badakit horrek guztiak oharkabean utzitakoa ez dela izan ubera hutsa, nire izaera eratu duen geruza sakona baizik. Maitasunez gogoratzen ditut herriko txokoak, ibaia, eta, orain, maiteenak zaintzen dituen lurra.

Garai hori beste ikasketa batzuekin uztartua dago nire oroimenean. Deustuko Unibertsitatean Hispaniar Filologia ikastea benetan izan zen aberatsa, eta, lan egin behar izan ezean, hantxe jarraituko nuke oraindik ere. Geroztik, izugarri maite dudan irakasle lanean dihardut, literatura eta hizkuntza irakasten.

Liburuei lotutako bizitza horretan, maitasuna agertu zen, Asier, eta semeak, baita hutsune handiak utzi dizkidaten heriotzak ere, bereziki, aitarena. Eta ibilbide honetan, bat-batean, zu agertu zara, liburuak eskuetan hartu eta istorioek iraun bitartean nire mundua osatzen duzuna. Zuretzat bakarrik dira isil-gordean esandako kontu hauek.