Muga III

Muga 3

Ipurtargiak Nagoyako basoan

Izenak izana berea baldin badu, izan, izango da nonbait isiltasunik. Gizarte zaratatsu honetan, ordea, geroz eta nekezagoa da isiltasuna aurkitzea gure inguruan eta barnean. Zarata harresi gogor bihurtu dugu: muga. Harrabotsak, burrunbak eta iskanbilak inguratzen gaituzte, eta zalapartaka bizi gara, denboraren murruari, sufrimenduari eta bakardadeari kolpeka.

Eta uste dut zarata horren erdian isiltasuna aurkitu nahian dabilenak honen alde egutera aipatzen duela. Badu, ordea, bere ifrentzua ere, ilargiaren moduan, eta, alde laiotz horretan, bada isiltasuna zigor moduan erabiltzen duenik: epaia eta kondena maite dituenak erbeste hotza bihurtu du isiltasunaren uharte galdua; isiltasunaren murrua ezartzen zaio ezberdinari: ostrazismoa. Gulagetako izotza nahikoa izan ez, eta Putinen gobernua aspaldi saiatu zen bigarren hezkuntzako irakurketa zerrendetatik Boris Pasternak-en, Ana Ajmátova-ren edo Ossip Madelstam-en liburuak hobiratu eta desagerrarazten, hitza askea dela jakin gabe. Idazle zigortu askok buruz sortu dituzte beren poemak, eta, ondoren, oroimenaren sarea lagun izan dute bizirauteko, borreroak ez baitaki gorputza zigor latzetara kondenatu arren, ezinezkoa dela hitzari, irudimenari, murruak jartzea.

Bada, halaber, jakintsurik hitza jartzen duenik guztiaren sorreran, isiltasunaren hutsunea beteaz. Haurraren barne azala ere sabela inguratzen duten hitzek osatzen dute, poliki-poliki, eta hitz horien doinuak izango ditu sehaska-kanta jaiotzen denean.
Benetako hitza da errealitatearen, pentsamenduaren eta gizakien arteko zubi. Eta gizaldi asko igarotzen ikusi dituen zubi zahar horretan, badira harlandu berezi batzuk, poemak eraikitzen dituztenak. Japonian, asko maite dituzte ipurtargiak, natura garbiaren zeinu direlako. Poemak Nagoyako basoan elkartzen diren argi txiki horien modukoak dira, gizarte osasuntsu baten isla.

Zaratotsa dugu alboan eta zaratotsa barruan. Isiltasuna aspaldi desagertutako izakia da, noizbait nonbait bizi izan bazen, behintzat; benetako hitza da haren aztarna bakarra, barealdira bultzatzen gaituena, kearen moduan gauza garrantzitsuen adierazle. Keak ez du, ordea, izen onik, eta horregatik eskaini zion sehaska kanta bat Francisca Agirre poeta handiak:

“El humo es un extraño desperdicio,
tiene muy mala prensa.
Es un abandonado,
Es un incomprendido;
casi nadie recuerda que el humo es un vocero,
un triste avisador de lo que se nos avecina.
Y por eso, cuando lo escucho vocear con impotencia
yo le canto la nana del silencio
para que no se sienta solo.”

“Nana del humo”, F.Aguirre.