Muga II

Joker-en mina

Joker filma ikusi genuen aretoan dena hasi zen ondo: jendeak jateari utzi zion eta isiltasun sakonak inguratu gintuen, non zauden ahaztu, eta istorioan murgiltzen zaituen horietakoak. Amaitu ere, miresmenezko txalo zaparradaz amaitu zen filmik tristeenen artean kokatu daitekeen maisulan hori. Tartean, une bakar batean, pailazo goibelak minik egin ez dion lankide gupidatsua bizirik uzten duen unean, algararik mingarrienak; barrearen murrua.

Joker eta lankidea minaren hesiak banatzen ditu ingurukoengandik.

V.Woolf-ek gaixotasuna muga sentitzen zuen; osasuntsuak eta gaixoak banatzen dituen langa. Esaten zuen eritasunean bizitza urruti eta eder ikusten dela, itsaso barneko ontzi batetik itsaslabarra ikus dezakegun modu berean: urrun, oso urrun. Eta gaixotasuna zaldi eroa da, tristuraren hesitura ahula azkar zeharkatzen dakiena, jauzi oldarkorrez.

Virginia harrituta agertzen da gaixotasunari literaturan zeinen orri gutxi eskaini zaion ikustean, eta, sustraietara jo behar lukeen hizkuntza (sentsualagoa, gordinagoa) ez ezik, grinen hierarkia berria aldarrikatzen du gaixotasunari dagokion lekua eskaintzeko. Orube desatsegina ez da, ordea, erakargarria, irakurleentzat.

Uste dut loa galarazi zidan Alaine Agirreren Txoriak etortzen ez diren lekua hizkuntza mingarri horretan idatzia dela. Maiz, idazleak beren bizipen gogorretan murgiltzen dira eta hondoa jotzen dute argirik gabeko putzu sakonetan. Eta kontuz ibili behar da, arriskuak ugariak baitira. Hitz mingarriek edonor suntsitzeko indar ezkutu menderaezina dute, sortzailearentzat nahiz hartzailearentzat. Hitz garelako eduki behar dugu kontu handia izendatzen dugun munduarekin; idazlearen kasuan, sortutako mundu berriko biztanle bakarra delako denbora luzez, irakurle galduren bat agertu arte. Ez da, ordea, erraza gertatzen tinta beltzezko munduari hesiak jartzea; gustatuko litzaiguke idazlea eta irakurlea salbu ipintzen dituen sare amultsua sortzea; hotz da, ordea, atarian, leihorik gabeko etxea izozten duen hotza.

Aste honetan, Koldo Mitxelena liburutegiko poesiaren gelan sartzean, usaina zen muga: pobrezia. Bi gizon zeuden lotan, eta atea zeharkatzen zuen edonork tristuraren lurraldera zuen sarbide. Bada gorputzaren gaixotasuna baino gauza larriagorik: buruarena. Jokerrek etxea, ama eta irudimena zituen babes, maitasunarekin amets egitera bultzatzen duen aterpea. Poesiaren gelan aterpe hartu zuten bi gizon beltzek badute bizipen larriagorik: kale gorria. Eguna joan, eguna etorri, bakardade isilari aurre egin beharrak bultzako ditu poesiaren gelara, liburutegiko lekurik bakartienera. Bakardadea zer den ondotxo dakiten apaletako liburuek hitz gupidatsuez jantziko dituzte haien ametsik gozoenak. Infernua esnatzean dator.