“Gaixotasunaren hizkuntza latza da; mundua txikitu nahi du; itxia da. Harresi hori apurtu nahian ibili naiz azken urteotan”
Egileak hogeita bost urte daramatza fibromialgia eta neke kronikoa bizitzen. Azken urteetan, haren gaixotasunak okerrera egin du. Krisialdi gogor horietako bat 2022an gertatu zen, gorputzak eta buruak erantzuten ez ziotela geratu zenean; ezin pentsatu, ezin ikasi, ezin irakurri eta ezin idatzi. Orduan jaso zuen gaixotasunaren inguruan idazteko Uxue Razquinen iradokizuna.
Erronka handia izan da idazlearentzat orri hauek idaztea, biluztea. Ahalegin horren emaitza da egunerokoa eta saiakera uztartzen dituen liburu hau.
Gaixotasunak, osasuna kentzen duen neurrian, dolua dakar berekin. Garai gogorrak, ordea, idazlearengan argi-ilunak piztu ditu, bizitzaren aurkia eta ifrentzua. Alde batean, oinazea, nekea edo hitzak ezkutatzen dituen gandu ikaragarria daude, baina bestean, argi-iturri diren filosofia edo artea, eta azken honetan, bereziki, literatura.
Irakurri liburuaren atal bat
Maixa Zugasti Tolosan jaio zen, 1973an. Irakaskuntzan aritu da hainbat urtez, eta gaur egun, idazle-lanean dihardu.
Indarkeria matxistari buruzko LAA eleberriarekin, Irun Hiriko Literatura saria irabazi zuen, 2017an. Harrezkero, beste bi eleberri argitaratu ditu -Ahotsak eta itzalak (2018), Atarian (2022)- eta beste bat irakurle gazteentzat: Zozabarrak (2025).
Poema bilduma bat ere argitaratu du, Hostoen hezurdura unatua (Balea Zuria, 2021) eta haurrentzako ipuin bat: Tximeletak hondartzan (2019).