Lur izoztuak

Alekséi Savrásov-en Negua (Circa, 1870)

Idazle baten lanera gerturatzen garenean, bi mundu ezberdintzen ditugu, sarritan uztarturik ageri direnak. Alde batetik, idazlearen begirada dago, mundua eta bizitzaren ñabardurak ikusteko duen sentiberatasuna. Bestetik, hautemandakoa adierazteko duen gaitasuna. Biek bat egiten dutenean, jostun baten moduan edukia dagokion adierazpenez egoki janzten duenean hartzen du idazleak literaturaren bidea.

Badira begirada bat maite dudalako aukeratu ditudan lanak, hain onak ez direla jakin arren, baina baita alderantziz ere, estilo hutsagatik irakurri ditudanak. Horrelako kasuetan, irakurle gehienei horrela gertatu ez arren, ez zait asko axola izaten idazleak zer kontatzen didan. Lobo Antunesen azken eleberrien edukia lerro gutxitan labur daiteke, baina, azken orrietara iristen naizenean, bere idazkerak sorginduta, hasierara jotzen dut berriro.

Duela ehun urte Madrilen jaio zen Eduardo Zuñiga eta nire barnean, bi paisaiari dago lotua: gerrate zibilari eta mendebaldeko lur izoztuei; Baso elurtuetatik saiakera idazle errusiar maitatuei eginiko omenaldia da.

Nik ere, badut atxikimendu berezi bat Europa ekialdeko eta Errusiako idazleekin. Bizitzaren alde laiotza azpimarratzen dutelako, euren lurralde izoztuetako bizipen latzak nire barne lurraldekoekin zerikusirik badutelako. Horregatik miresten dut, adibidez, Herta Müllerren lana. Ziur nago biok ala biok saiatzen garela lurralde izoztuei etxeko leihoko babesetik begiratzen; Schopenhauerrek dioen bezala, “munduaren gau izoztuaren erdian dugun neguko aterpe goxo” bakar horretatik; geure barne babesle sakonenetik. Ez da, ordea, sarritan erraza gertatzen, eta hor geratzen gara, atarian, hotzak hartuta, zauriturik.

Onettiren lanetan murgildurik nabil egun hauetan, eta uste dut lur ainubeko beste bizilagun batekin egin dudala topo. Amaitu den negu honetako egun argitsuetan, irrikaz irteten nintzen eguzki izpien bila, baina banuen ziurtasun bat: etxezuloa maite duen uruguaitar horren alboan biziko naiz denbora luzez, bere bi munduak maisutasunez uztartzen dituen lanetan murgilduta.

OHARRA: Artikulu hau “Hitzen Uberan” agertu zen 2019ko maiatzaren 19an.