Geurea

Testuak

In memoriam

Zeinen latza maisu eta, batez ere, lagun maite bati buruzko testua orainaldian ontzen hasi eta iraganean idatzi beharra…

Aristotelesen jarraitzaileek sortutako eskola peripatetikoan, maisuek eta ikasleek pasieran ibiltzeko ohitura zuten baratzean. Platonek, berriz, elkarrizketa erabili ohi zuen hobeki irakasteko. Patxirekin igarotako uneetan, bi ohiturek bat egin zuten eta hitzordu guztiak –bai Donostiako La Salleko terrazakoak, bai Irungo zuhaitzen gerizpekoak– ibilian egin genituen arren, geldiuneek eta isiluneek egin dituzte ahaztezin berarekin igarotako tarte ederrak.

Aipatu bi leku horiek izan dira gure ibilaldi guztien paisaia, eta, hala ere, badakit Patxiren begirada nostalgikoaren bihotzean zeudenak beste batzuk zirela –bidezidorrak, ahuntzen bide ikusezin eta malkartsuak, mendi gailurretakoak– eta ziur nago edozein unetan gustura egingo zuela ihes gure basoetako gurdibide zahar horietako batean gora, baina, batez ere, iraganera. Horrexegatik, ingurune hori oroitzapen ahaztezinen paisaia zelako –poetaren barne-lurraldea–, ez zen arraroa bazter lanbrotsu edo eguzkitsu horiek Patxiren ezpainetan agertzea, haren poemetan legez, gainezka egiten duen min baten modura.

Biderako, arkatza, orriak, liburuak eta harmonika txikia. Literatura izaten genuen hizpide eta ibai zabal horretara iristen ziren isuriek –musikak, bizitzak, ikasleek– edozein unetan emaria aberasten bazuten ere, ur handietara gerturatzen ginenean egiten zuen lehen geldiunea. “Gu, geurera!” esaten zidan begietara begira, eta biok ondotxo genekien “geurea” hitzak ondo jostea besterik ez zela, artisauaren maitasunez, maisuak miretsiz. Hasieratik elkartu gintuen irizpide literario beraren hari ikusezinak eta berak Seamus Heaney, Ted Hughes, Milton edo Symborska hitzetik hortzera aipatzen bazituen ere, bere-bereak zirelako, biziki eskertzen zuen beste idazle batzuen lanak ere ezagutzea.

Hara eta hona, gora eta behera, beste geldiune batzuk testuen zuzenketei lotuak izaten ziren. Maisu onek bezala, egia maite zuen eta zorroztasunez irakurtzen zituen edonoren testuak, baita nireak ere. Izugarri eskertzen nizkion zuzenketak eta bihotzean gorde ditut hark zorionduak ere. Azkena erakutsi nizkion poema batzuen ondoren, John Henry Newmanen hitzak idatzi zizkidan:

“Lead, kingly light amid the encircling gloom,
lead Thou me on…
The night is dark and I am far from home…”

Baziren bion oinazeak eta gaixotasunak eragindako geldiuneak ere, gogorrenak, latzenak, baina, J.H.Newmanen hitz horien ondoren idatzi zidan bezala, “ilunaren lekuko izatea ez da erraza, baina hori ere bada gure patua, poetena”.

Arrats zoragarri batean, T.S.Elioten “O light invisible” otoitz ahaztezin bihurtu zuen nire aurrean, itzaltzen ari zen eguzkirantz begira. Sinetsi nahi nuke argi ikusezin horren izpi bihurturik, aurrerantzean, argituko didala utzitako hutsunea, baita idatzi beharreko lerro bakoitzaren gurdibidea ere.

OHARRA: Testu hau Blues bat bizitzari antologiaren hitzatzea bezala argitaratu zen 2018. urteko azaroan.